Check out our parent organization

PEN Internationaleko Emakumeen Manifestua

PEN kartaren lehenbiziko eratze oinarriak dioenez, “literaturak ez du mugarik ezagutzen” . Ohituraz, muga horiek herri eta herrialdeen artekoak direla uste izan dugu. Munduko emakume askorentzat baina (eta emakume guztientzat ez oso aspaldiko garaietara arte) mugarik estreinako, azkeneko eta agian nabarmenena bizi zen etxekoa zen: aitaren edo senarraren etxea. Emakumeek adierazpen librea, irakurtzeko eskubidea eta idazteko eskubidea izateko, fisikoki, intelektualki zein sozialki mugitzeko eskubidea behar dute. Gutxi dira bere kabuz dabilen emakumea etsaitasunez ikusten ez duten gizarte sistemak. ​

PENek uste du emakumeen kontrako indarkeriak, bere modu anitzetan, bai etxearen hormetan barrura bai esparru publikoan, zentsura mota arriskutsuak sortzen dituela. Munduan barrena kultura, erlijioa eta tradizioa giza eskubideen gainetik jartzen dira sarritan, eta emakumeen eta nesken kontrako erasoak babesteko edo bultzatzeko argudio gisa erabiltzen dira. ​

PENek uste du pertsona bat isilaraztea haren existentzia ukatzea dela. Heriotza mota bat da. Gizateria hankamotz eta umezurtz dago emakumeen sorkuntza eta jakintza-adierazpen oso eta librerik gabe.

PENek nazioartean onartutako honako printzipioak babesten ditu:

  1. INDARKERIARIK EZ: Emakumeen eta nesken kontrako indarkeria mota guztiekin amaitu behar da, baita indarkeria legal, fisiko, sexual, hitzezko eta digitalekin ere; emakumezkoak eta neskak askatasun osoz adierazi daitezen baldintzak bultzatu, eta genero indarkeria oro ikertua eta zigortua izan dadin bermatu eta biktimak konpentsatuak izan daitezela. ​

  2. SEGURTASUNA: Emakumezko idazle eta kazetariak babestu eta haien aurka munduan eta sarean egindako ekintza bortitzen eta jazarpenaren inpunitatea borrokatu.

  3. HEZKUNTZA: Hezkuntzako arlo guztietako desberdintasunak ezabatu, emakumezkoak eta neskak kalitatezko hezkuntzan sartzea bultzatuz eta bermatuz emakumezkoek erabat erabil dezaketela irakurtzeko eta idazteko hezkuntza-eskubidea.

  4. BERDINTASUNA: Legearen aurrean emakumezkoek berdintasuna izatea bermatu; emakumeen aurkako bazterkeria mota guztiak salatu eta behar diren neurri guztiak hartu bazterkeria ezabatzeko eta pertsona guztien berdintasun osoa ziurtatu emakume idazleen aurrerabidearen eta garapenaren bidez.

  5. SARBIDEA: Emakumeek eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaleko eremu osoan sarbidea izatea bermatu, emakumeen parte hartze osoa eta librea eta aitortza publikoa ahalbidetuz hedabide guztietan eta literatur moldeen eremu osoan. Era berean, bermatu emakumezko eta neskek berdintasunez izatea hedabide mota guztiak,adierazpen askatasuneko neurri modura.

  6. PAREKOTASUNA: Emakume idazleek parte-hartze ekonomiko berdina izatea sustatu eta bermatu emakume idazle eta kazetariek gizonezkoen neurri berean lan egitea eta ordaina jasotzea inolako bazterketarik gabe.